2012-09-08

EAJ errausketa toxikoaren alde Lezon

Pasaian edo Astigarragan egin zuen bezala, Lezon ere EAJ alderdiak 1.500 sinadura aurkeztu ditu Udalean. Hondakinen atez ateko udal bilketaren aurka omen dira sinadurak, oraingo kaleko edukiontzien sistema mantentzearen alde. Baina, Lezo Garbia taldeak edo EAJk gizarteari eta sinatu dutenei esan ez dietena da, hain zuzen, hondakinen errausketaren aldeko sinadurak direla.

EAJk Lezon jarraitu beharko luke aste honetan bertan Oreretan hasi berria den parte hartze publikoaren eredua, non bertako Ingurumenaren Aholku Kontseiluan auzo eta gizarte eragile eta politiko desberdinen artean eztabaidatuko den zein eredu proposatu Udalari etxez etxeko hondakinak biltzeko. Helburua ahal den gehiena birziklatzea baldin bada, ez zaio atea itxi behar bide hori egitea ekar dezakeen edozein sistemari, atez ateko bilketa barne.

Garbizu jaunari eta bere ekipoari gogoratu behar zaio 2009an komunitate autonomoan 35.000 sinadura bildu zirela hondakin-lege berri baten alde eta hondakinen errausketa toxikoaren aurka, baina haiek Gasteizko Legebiltzarrean eztabaidatzea eragotzi zutela, PSOE eta PPrekin batera, gizarte eragileek bildutako sinadura horiek zaborretara botaz.

Demagogia, gezur eta manipulazio gutxiago, konpon dezagun hondakinen arazoa, osasuna eta ingurumenaren alde. EAJ entzun, Gipuzkoako gizarteak ez du nahi erraustegirik ez Zubietan, ez Astigarragan, ez Landarbason, ez Gaintxurizketan, ez eta Aritzetan ere.



No hay comentarios:

Publicar un comentario